Etiketa honen artxiboa: radio euskadi

Entzun ezin banauzu, zuretzat hobe

Ez da autoestimu profesional faltagatik, baina goizeko 8etarako lanetik ospa egiten dut, onenak emanda. Hortaz, goiz altxatzeko kezkarik ez baduzu, lotan harrapatuko zaitut. Radio Euskadiko Boulevard albistegiaren lehen zatian (06:00-08:00) zabaltzen didate mikrofonoa. Ordurako, bost ordu daramatzat argitan zure mundua ilun dagoenean. EiTBko eraikin erraldoian katurik ez da orduotan, zazpi arima, segurtasunekoak barne. Sentsazio arraroa da, goizetik etorrita.
EiTB erredakzioa Bilbo gauez
Irailaren 13an etapa berria hasi nuen. Nahi nuen ibilbidea, aldapa koskorrak zeudela jakin arren, hasteko, gau ordutegi madarikatua. Baina, kazetari bezala, jakinmina eta irrika pizten dit Boulevard bezalako programa erreferente bateko lantaldean jarduteak, eta nik neuk hauspotutako eskaintzari ezin nion uko egin. Pil-pilean dauden gai politikoak lantzeko aukera? Zalantzarik ez.

Hasteko, erredaktore lanak egokitu zaizkit, bi editoreren pean. Bietako bat baldintzen arabera aldatzen joan dena, bestea Dani Álvarez. Ikusi eta ikasteko aukera aparta. Baina, gauak baditu bere mugak: apenas altxatu dut telefonoa trafiko eta gertaeren informazioa eskuratzeko ez bada. Behin ibili nintzen telefonoz jo ta su, goizeko hiruretan lauzpabost euskal herritarrekin: Mexikon lurrikara. Nolako da gaien lanketa? bezperako berriena, garrantzitsuena eta egunean datorrenaren arteko orekan oinarritzen da. Gauean, zinez, gutxi gertatzen da, eta are gutxiago kontatzen da.

Nork erabakitzen du notizia zer den eta zer ez? nork erabaki notiziari dagokion ikuspegia? nork kondenatzen du albistea hondarreko 15 segundutara eta nork azaleko altarera? eta, batez ere, zergatik eta zertarako hori dena?

Erantzunak pilatzen nabil oraindik, baina gauza bat daukat honezkero argi: konspirazioetan dabilena alferrik ari da. Gauzak uste baino sinpleagoak izaten baitira, funtsean, profesional bakoitzaren zintzotasunaren emaitza. Eta aurreiritziek, maiz, kalte handia egiten dute. Batez ere adibide aproposetik dogma berresten dutenen aldetik, koherentziatik at gelditzen zaienari itsu-gor egiten dioten bitartean. Kritikatuak izateko jaio gara, hala bedi, axola dugun seinale. Baina neurriz eta justuak, bestela sinesgarritasuna galtzen duena kritikoa da.

Erredaktore lanari –kronika berriak egin, berritu, titularrak osatu, playlist-ak egin, ahotsak eskuratu eta editatu…– berehala ordezkatu dio beste ardura batek. Egokitu egin zait 6etako Boulevard albistegia editatzea –gaiak erabaki, kronikak agindu, ordena eta iraupenak aukeratu, teknikariekin hartu-emana zuzenean, aurkezpenak eta sarrerak idatzi, zuzenekoaz arduratu… aurkezlea izan, edonork ulertzeko moduan–. Gauez lan egiteak ematen duen patxadaka erraztu egiten du editore amateurraren lana. Hasteko modu ona da.

Ordu bete neure nahierako albistegia. Hau da mauka, ez? Kazetariaren ametsa! Zaude, kazetariaren ametsa ez al da mundu justu baten alde egitea, edo soldata duina izatea da?… tira, ametsak asko dira, tartean bat, ez txikia, aurkezle izatea. Esandakoa, editore izateak baditu bere mugak: bezperako kronikek baldintzatzen zaituzte, EiTBren estilo liburuari eutsi behar diozu, komunikabide publikoaren betebeharrei, irratiko kanonei, giza baliabideen mugari, gerora irratian emango zaion jarraikortasunari arreta jarri, dauzkazun soinu baliabideei, lantaldeko kide bakoitzaren baldintza eta ahalmenei, astuna ez izatearekin adi, daukazun denborari so… hegan joaten dira bost ordu, ez pentsa! Kontuan eduki beharreko horretaz guztiaz aparte –asko da ala gutxi?-, editorea libre da zintzoki lan egiteko. Hala sentitu naiz ni ere, ofizioarekiko zintzo, entzuleekiko arduratsu. Santua ere izan gabe, baina, marra gorrien gainean dantzan, gurutzatu gabe, zintzo. Hala ez den egunean, nereak egin du.

Goizeko 8etan bulegotik ospa egitea, lana ahalik eta hoberen egin duzun sentsazioarekin, gauza handia da. Gonbidatua zaude: 6etarako esna egoteko miseria baduzu, piztu Radio Euskadi.

p.d: gaztelaniaz lan egitea da ofizio berriko okerrena, baina nagusiki gazteleraz eginda ere euskaraz eta euskararen alde egin daitekeela konbentzituta nago. Horretan ari gara, baina ez da nahikoa.

Kultur gaurkotasunaren arrastoan dabilenaren apunte batzuk

Archivo_000 (1)Badira hitz gizen askoak, nahi beste barnebildu dezaketenak, malguak, ase gabe irensten dutenak ingurura hurbiltzen zaien elikagai oro, gaziak zein gezak, ahora nork eramaten duenaren arabera, eta, azken buruan, dena eta deusik ez esan nahi dutenak. Horietako bat da kultura.

Hitza edukiz hornitzea egokitu zait Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko kultur albistegian, Kultur Leihoa eta Kultura.eus irratsaioetan. Lau hilabete daramazkit behar horretan, Bilboko egoitzan. Denetik ahalik eta modu duinean egin nahian, Iñaki Soto Garako zuzendariak bat-batean esan zidan legez, alor polikulturalean.

Kulturaren hamaika erpini so: dantza, pintura, literatura, zinema, musika, antzerkia, performancea, eskultura, ilustrazioa, bertsolaritza, opera… etenik gabe soka bat. Mila prentsaurreko eta kulturaren orbitako beste hainbeste kontzeptu, nor baino nor, zeinek gaina hartu. Zerk ematen dion kulturari balioa. Etekin ekonomikoak neurtzen ote duen kultura, ala ikusle kopuruak, gure historia berreskuratzeko balioak ala nazioarteko ospeak, tradizioek ala berrikuntzek, sari handinahitsuek ala txikitasunean jaiotako proiektuek. Sustraiak, kimuak, loreak, uztak.

Asmatu nahi eta ezinean, eginaren eginez, kazetaritza eta kazetariaren mugetatik, kronometro eta soinu hutsaren tiraniatik. Horretan gabiltza kultur albistegietako lantaldea. Entzulearen jakinminak asetu eta berriak sortzeko desirarekin lanean. Egunerokoaren erritmo etengabean, non albiste batak bestea zapaltzen duen kolosoaren ointzarren pisuaz.

Lotsa galdu duen kulturzalearen paperean, hau eta beste kontatzen. Ezinezko oreka batean ekilibrista. Luis Zarrabeitia Arabako politikari jeltzalea zenak tuiterren zeraman leloa gogoan dut, gutxi gorabehera, eta moldatuko dut: kazetaritza da X jaun-anderea hil dela kontatzea, X jaun-anderea existitzen zenik ere ez dakienari.

Kontua da kultur kronikak grabatzen nabilela, Idoia Jauregiren edizio lanarekin, elikatzen EITBko irratietako saioak: Faktoria, Boulevard, Mezularia, Ganbara, eta kultur albistegi biak.

Apirilaren erdialdean Kultura.Eus aurkezteko zoria ere izan dut. Gustura egin ere:

Honetan dihardugu, ikasten, eskarmentudun lankideez, kulturgile beterano eta gazteez, gozatzeko parada dugun ikuskizunez. Argi izanda euskarazko kulturari bereziki diogun begirunea,  Euskal Herrian sortzen den kulturari (kultura batzuei halabeharrez) dagokion espazio komunikatiboetako bat ematen.

Ardura berria Euskadi Irratian eta Radio Euskadin

Amaitu zait Radio Vitoria-ko urte t’erdiko praktiken ibilbidea. Pena apur batekin egin ere. Egun batetik bestera auskalo noiz arte El Mirador saioko taldeari, Pilar Ruiz de Larrea, Alejandra Eguiluz eta Txaro Idoquilis. Gero arte espero ere Unitate Mugikorrari, gidari lana hartu duten teknikariei, elkarrekin egindako kilometroetako elkarrizketei eta isiltasunei, goizeko kafe eta pintxo zoriontsuari. Baina, etena batez ere, albistea kalean egunero bilatzeko grinari. Elurretan galtza bazterrak bustitzeari eta azoketako anderei lotsatiei. Neurri batean behintzat hori dena albo batean gelditu da, tarte baterako. Zuzeneko adrenalina hori faltan sumatuko dut, huts egiteek sortzen duten azkura eta konexio bikainen satisfakzioa. Gauza berria orain, eta izango ditu honek bere unetxoak ere.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko albistegietan hasi naiz, Arabako berriak Euskal Herriratzen. Labur, zuzen, zorrotz, egoki. Minutu eta hamabost segunduan entzuleen belarriak xaxatzeko gakoak. Erronka handia da, aldaketa pizgarria. Gezurra badirudi ere gogoeta eta patxada gehiagoz hartzen dira gaiak, albistea ulertarazteko ahalegina egin behar baita, eta ezin da ardura hori solaskidearen esku utzi. Akuilua ere bada Arabako albisteak euskaraz eskaintzea. Lau egunetan igarri ditut traba batzuk, txiki-txikiak, halere, aurretik etorriko direnekin alderatuz. Euskaraz adierazpenak prentsaurreko amaieran petit comite egin nahi dituen politikari lotsatia, adibidez. Ez da onargarria horrelakorik, eta, konpondu dugu lehen harri hori. Ez dakit behartuta, pertsuadituta ala euskaltzaletasun uzkurtu hori astinduta. Baina euskarak toki normalizatuagoa izan du.

Kontuak kontu, hiru mahai haratago soilik mugitu ditut nere tramankuluak, baina ofizoak beste toki bat hartu du ahulki honetan.