Etiketa honen artxiboa: euskadi irratia

Kultur gaurkotasunaren arrastoan dabilenaren apunte batzuk

Archivo_000 (1)Badira hitz gizen askoak, nahi beste barnebildu dezaketenak, malguak, ase gabe irensten dutenak ingurura hurbiltzen zaien elikagai oro, gaziak zein gezak, ahora nork eramaten duenaren arabera, eta, azken buruan, dena eta deusik ez esan nahi dutenak. Horietako bat da kultura.

Hitza edukiz hornitzea egokitu zait Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko kultur albistegian, Kultur Leihoa eta Kultura.eus irratsaioetan. Lau hilabete daramazkit behar horretan, Bilboko egoitzan. Denetik ahalik eta modu duinean egin nahian, Iñaki Soto Garako zuzendariak bat-batean esan zidan legez, alor polikulturalean.

Kulturaren hamaika erpini so: dantza, pintura, literatura, zinema, musika, antzerkia, performancea, eskultura, ilustrazioa, bertsolaritza, opera… etenik gabe soka bat. Mila prentsaurreko eta kulturaren orbitako beste hainbeste kontzeptu, nor baino nor, zeinek gaina hartu. Zerk ematen dion kulturari balioa. Etekin ekonomikoak neurtzen ote duen kultura, ala ikusle kopuruak, gure historia berreskuratzeko balioak ala nazioarteko ospeak, tradizioek ala berrikuntzek, sari handinahitsuek ala txikitasunean jaiotako proiektuek. Sustraiak, kimuak, loreak, uztak.

Asmatu nahi eta ezinean, eginaren eginez, kazetaritza eta kazetariaren mugetatik, kronometro eta soinu hutsaren tiraniatik. Horretan gabiltza kultur albistegietako lantaldea. Entzulearen jakinminak asetu eta berriak sortzeko desirarekin lanean. Egunerokoaren erritmo etengabean, non albiste batak bestea zapaltzen duen kolosoaren ointzarren pisuaz.

Lotsa galdu duen kulturzalearen paperean, hau eta beste kontatzen. Ezinezko oreka batean ekilibrista. Luis Zarrabeitia Arabako politikari jeltzalea zenak tuiterren zeraman leloa gogoan dut, gutxi gorabehera, eta moldatuko dut: kazetaritza da X jaun-anderea hil dela kontatzea, X jaun-anderea existitzen zenik ere ez dakienari.

Kontua da kultur kronikak grabatzen nabilela, Idoia Jauregiren edizio lanarekin, elikatzen EITBko irratietako saioak: Faktoria, Boulevard, Mezularia, Ganbara, eta kultur albistegi biak.

Apirilaren erdialdean Kultura.Eus aurkezteko zoria ere izan dut. Gustura egin ere:

Honetan dihardugu, ikasten, eskarmentudun lankideez, kulturgile beterano eta gazteez, gozatzeko parada dugun ikuskizunez. Argi izanda euskarazko kulturari bereziki diogun begirunea,  Euskal Herrian sortzen den kulturari (kultura batzuei halabeharrez) dagokion espazio komunikatiboetako bat ematen.

Erreportajeak Faktorian

Faktoria saioan osatu ditudan pare bat erreportaje elkarbanatu nahi ditut blogean. Biak ezberdinak, baina emaitzarekin pozik utzi nautenak.

Bata, Geu elkarteak Gasteizen antolatu dituen “Atzo, gaur eta biharko Gasteiz euskalduna” ibilaldiari buruzkoa. Dozena erdi lagunen inpresioak, iritziak, datuak eta deskribapenak bildu ditut “Gasteiz euskararen bidez ezagutzen” erreportajean.

Bestea, STOP istripuak elkarteak antolatutako egitasmoa baten haritik, nerabeekin eta udaltzain batekin hitz egin eta gero osatutako erreportajea.

Ardura berria Euskadi Irratian eta Radio Euskadin

Amaitu zait Radio Vitoria-ko urte t’erdiko praktiken ibilbidea. Pena apur batekin egin ere. Egun batetik bestera auskalo noiz arte El Mirador saioko taldeari, Pilar Ruiz de Larrea, Alejandra Eguiluz eta Txaro Idoquilis. Gero arte espero ere Unitate Mugikorrari, gidari lana hartu duten teknikariei, elkarrekin egindako kilometroetako elkarrizketei eta isiltasunei, goizeko kafe eta pintxo zoriontsuari. Baina, etena batez ere, albistea kalean egunero bilatzeko grinari. Elurretan galtza bazterrak bustitzeari eta azoketako anderei lotsatiei. Neurri batean behintzat hori dena albo batean gelditu da, tarte baterako. Zuzeneko adrenalina hori faltan sumatuko dut, huts egiteek sortzen duten azkura eta konexio bikainen satisfakzioa. Gauza berria orain, eta izango ditu honek bere unetxoak ere.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratiko albistegietan hasi naiz, Arabako berriak Euskal Herriratzen. Labur, zuzen, zorrotz, egoki. Minutu eta hamabost segunduan entzuleen belarriak xaxatzeko gakoak. Erronka handia da, aldaketa pizgarria. Gezurra badirudi ere gogoeta eta patxada gehiagoz hartzen dira gaiak, albistea ulertarazteko ahalegina egin behar baita, eta ezin da ardura hori solaskidearen esku utzi. Akuilua ere bada Arabako albisteak euskaraz eskaintzea. Lau egunetan igarri ditut traba batzuk, txiki-txikiak, halere, aurretik etorriko direnekin alderatuz. Euskaraz adierazpenak prentsaurreko amaieran petit comite egin nahi dituen politikari lotsatia, adibidez. Ez da onargarria horrelakorik, eta, konpondu dugu lehen harri hori. Ez dakit behartuta, pertsuadituta ala euskaltzaletasun uzkurtu hori astinduta. Baina euskarak toki normalizatuagoa izan du.

Kontuak kontu, hiru mahai haratago soilik mugitu ditut nere tramankuluak, baina ofizoak beste toki bat hartu du ahulki honetan.