Hauteskundeekin batera

Foru eta Udal bozekin areagotu zait lana. Beti izan naiz hauteskunde gauen zalea, txoratzeraino, eta orain nolabait ere ofizio egin dut. ZuZeun idatzi nuen Zergatik irabaziko ditu Javier Marotok 2015eko hauteskundeak? artikuluarekin bete-betean asmatu dut. Beste hainbeste Arabako Alean idatzi nuen zutabean, Marotorek galtzea sorpresa litzatekela esanez. Iturri onak aukeratu ditudan seinale.

Gerora hasi naiz okertzen, nahia errealitatearekin nahasten eta udaleko aldaketa hurbilago ikusten. Gora Gasteiz-en arrakastaren eskutik, Marotok urrunegi jo zuela uste izanda, moderatu asko beldurtuko zituelakoan. Ez da halakorik izan. Eta jira eta bira, bozen inguruan segi dut idazten, tartean, lehenbizikoz, Argia aldizkarian. Poztekoa Xabier Letonak nigan pentsatu izana, eta emaitza ikusita asebeteta gelditu naiz. Gainera, aldizkarirako hartu nuen lana Azpimarra-rako ere baliatu dut. Autosinergiak. IMG_1098

Arabako aleak

2015ak Arabako euskarazko prentsa idatzian jauzia ekarri du. Berrria taldearen Hitza-ren tokia hartu du Alea-k (Berriaz gain, Goiena eta GEU elkartearen lana). Astekariak edukiz zein diseinuz aldea ateratzen dio Hitza-ri, baliabideetan ere gora egin baitu. Anakoz Amenabar eta Itsaso Estarrona kazetariak edukia sortzeko lanetan ari dira, kolaboratzaile sare inoiz baino zabalagoarekin. Onura dexentea bistakoa, lan baldintzen kaltetan. Borondatezko lan ez ordainduri atxikitzen zaio Alea -Hitza-rekin baino gehiago- euskara militantziaren joko arauetan mantenduz. Homologazioa ez da esparru guztietara heldu.

Kontua da pozez hartu dudala hilean behin-edo iritzi artikulua idazteko enkargua. ZuZeu txipa aldatu behar izan dut: karaktere mugatuak, testuaren diktadura eta Araba helmuga. Honezkero pare bat artikulu argitaratu ditut, bata lehenbiziko alean gainera. Hemen erantsi ditut bien irudiak, jakin baitakit paperen patua zein den. IMG_3946B-Sk1_4IIAAmgYI

Eguerdion, mundua!

Ordu batzuk pasa dira internet ezagutu nuenetik, Hello, World nioen. Goizargiak bistarazi dizkit sareetako itsasoan dauden altxorrak. Ondo idatzitakoak nola aitortzen diren. Nola beste inon baino emankorragoa den lur hau. Nola bakoitzaren edo taldearen ahalegina den kazetaritza erakargarria egiteko gakoa. Ate asko zabaltzeko giltza. Hau badabil.

Gosari primerakoa, zinez. Baina, goizargiak itzalak ere agertarazi ditu: berehalakotasunaren sukarra, kliken menpekotasuna, hutsegiteen orban ezabagaitza.

Zerbait ikasi dut. Orain, etapa berria hasteko aukera daukat, edo behintzat errepide ezberdin bat lasterketa berean. Horretarako larra.eus hau. Aukera ona delako, aspalditik espero genuen tresna. Domeinu propioa, logela bat. Etxea ZuZeu, jolastokia Twitter. Larra.eus, edukiontzi ordenatu bat hasieran, auskalo zer geroago. Eguna luze dator, negua bada ere. Eguerdion, mundua!