naizenaz

Iñaki Larrañaga Aizpurua (Gasteiz. 1988). Kazetari lanetan nabil 2008tik, euskarri hainbatetan, euskaraz eta gaztelaniaz. Iraganean egindakoak gaur arte metatutako esperientzia ditut, esperimentu alboratuak, eta saiakera zorionekoagoak.

Prentsan idatzi nuen, Berria egunkarian eta Arabako Hitza-n. Gaur egun Arabako Alea-n iritzi artikuluak argitaratzen ditut. Gara egunkarian hainbat artikulu argitaratu dizkidate baita Argia aldizkarian ere, analisi politikoa eginez.

Sarean murgildu naiz ZuZeu.com-en, idatzia eta ikus-entzunezkoa landuz, eta horretan dihardut. Txiokatzen nabil 2010etik @inakilarra izenpean.

Irratian ere jardun naiz, Hala Bedi-n, eta bi urtez 2015eko irailera arte, gehienbat, Radio Vitoria-n. Hor, Araban eta Gasteizen mugitzen den gaurkotasun soziala eta kulturala jaso dut unitate ibiltariarekin. Hurbileko kazetaritza. 2015-2016 denboraldian Radio Euskadi eta Euskadi Irratia emisoretan Arabako albisteak eman ditut. 2016ko irailean Euskadi Irratiko Faktoria magazine saioan egin nituen hilabete batzuk, gerora 2017ko udaberrian kultur alorrera jauzi egiteko: Kultura.Eus eta Kultur Leihoa saioetan. Irailetik aurrera Radio Euskadiko Boulevard goizeko albistegiko erredaktorea eta editore lanak egiten nabil.

Lanbide hauez gain, telebistan parte hartu dut ETB1eko Azpimarra-n eta Tribuaren Berbak saioan. Argia eta Lanabesa aldizkarietan, eta Info7-n ere lagundu dut.

kazetarika

Lan batzuetan asmatu dut. Arreta lortu bai behintzat, zoria bilatu egiten delako akaso. Adibidez, Patxi Lopez iPad-arekin jolasean ehizatu nuenekoa demasa izan zen. Aldiz, proiektu batzuetan huts egin dut: Euskal Herriko Trending Topic, ikasi nuen hortik ere. Elkarrizketetan majo entrenatu naiz. Kamera aurretik pasa ditugu, politikaz; Joseba Egibar, Hasier Arraiz, Aintzane Ezenarro, “Beltza”, Vicent Partal, Pako Aristi… kulturaz; Iban Zaldua, “Zaldieroa”, Josu Zabala, Xabier Amuriza… kazetaritzaz; Martxelo Otamendi eta Iñaki Soto… eta Iñaki Perurena, Lorea Agirre, Jesus Mari Mujika…

Etxeko logela, Gasteiz, Araba eta Euskal Herria izan ditut lanleku. Baina, urrutirago ere joan naiz informazio gosez. Eskozian (2010), Irlandan (2011), Galesen (2014), Turkian (2016) erreportaje eta elkarrizketa sortak egin ditut. Politika eta hizkuntzaren orbitakoak atzerriko hauek. Hurbilago: Kataluniako prozesu subiranista jarraitu dut, bertatik bertara egin ere. Besteak beste, 2013 eta 2014ko Diada egunean eta azaroaren 9ko galdeketa independentistan. Lan hauek denak nere sareko etxetxoan argitaratu ditut, ZuZeu-n.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*