2016-2017 denboraldi hasiera: Faktoria, Bilbotik

altos hornos2016ko irailarekin batera Gasteizen Radio Euskadi- Euskadi Irratia tokian-tokiko albistegia utzi eta Bilbora noa. Aurrerantzean Euskadi Irratiko Faktoria saioan egingo ditut betebeharrak. Lehenbiziko aldiz EITBn nabilenetik, %100 euskaraz. Urte amaiera arteko lana izan daiteke. Ilusioz hasiko dut EITBn jarraian lanean daramaten hirugarren urtearen hasiera.

Faktoria euskarazko irrati publikoaren zutoinetako bat da, eta horri nere hondar alea jartzea egokitu zait. Aurretik magazinetan ere lan egin dudanez gero, Radio Vitorian, martxa hartzea errazagoa egingo zait, ezerezetik hasita baino. Halere, saio bakoitzak baditu bere estilo, irizpide eta erritmoak, eta horra egokitu eta hoberako aldaketak egitea tokatuko zait. Aldi berean norbere buruarekin zorrotzagoa izan behar da; hizkuntzaren erabileran egokia, gaien trataeran zuzena, hedabide publikoaren ardurak beti kontuan, zintzotasuna, grina, entzulearen gosea asetzea… bada nahiko ertz kontuan hartu beharrekoak egunero-egunero, aitzakiarik gabe.

Alor profesional eta pertsonalean tokialdaketa ere ardura berriaren uztarri berean lotuta dator. Gasteizko lantokia utzi eta Bilbora mugitu naiz. Beste giro bat da, erabat ezberdina, baina moldatzeko ahaleginak eta bi egingo ditut. Gasteizko berotasuna ekarri eta bertako erritmo biziari eutsi. Erronka berria. Gustura entzuteko moduko irratia egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Pellokeria esango dut, baina, denborarekin ikusita, apurka apurka irratian profesionalki ikasten eta hazten noala jabetu naiz. Betidanik euskaraz lan egiteko nahia izan dut, eta Faktoria horretarako plaza paregabea da.

Haur nintzela lehengusu-lehengusina eta anaiarekin cassettean grabatzen genuen Putre Kutreak saioa. Ez dut patuan sinisten, baina honek badu nahikoa antza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*