Irratietako twitterrak gobernatzeko apunte batzuk

Badira hiru urte Radio Euskadiko Boulevarden dinamikan sartu nintzenetik bete-betean. Batzuetan aurkeztea dagokit, besteetan albisteak lantzea edo titularrak ematea. Irrati kazetaritzaren bueltan guztiok egin ditugunak. Baina bada beste ardura bat neure gain hartu dudana ia nahi gabe. “Nola esaten da, zuk egiten duzun hori, nik ez dut ideia handirik, baina Community Manager edo esaten zaio, ezta?”. Konturatzerako goiz erdi pasatzen dut Boulevardeko Twitterrak (eta Instagram) elikatzen –horrek bera gain duen etengabe pantaila freskatzeko mania barne–. Egia esan, irratiak eta sareek ez dute berez oso ondo ezkontzen. Telebista piztuta eta kilkerra eskuan izatea normala bihurtu da, baina irratiak oraindik eskuak bolantean dauzka askotan, edo etxeko lanetan, edo tailerreko makinan. Telebista aisialdian ikusten da eta irratia lan erritmoan. Irudiek duten indar biralak ez du parekorik –podcast-ei buruz hurrengo baten, baina ez nahastu arrakasta eta biralitatea–. Zuzeneko irratia irudiarekin, telebista saio kutre bat da.

Twitterrari buruz apunte labur batzuk idatziko ditut boteprontoan: irrati baten weberako lehen trafiko iturria ez da inoiz izango. Ez bilatu hori, alferrik da eta. Aldiz, prestigioa (eta desprestigoa) lantzeko toki aparta da. Balio kualitatiboa, edo. Twitter da zure hiriko boteretsuak batzen diren taberna. Facebook den bezala zure auzoko taberna, askoz ere jende gehiago ibiltzen da, gizarte zati handienaren kezkak konpartitzen dituzte, baina gutxitan dira nor agenda mediatiko-politikoan. Eta Twitter batez ere hori da: informazio eta eztabaida sozio-politikoa. Lausenguak eta muxuak Instagramen.

ULTIMA HORA

Hiru urtean apustu batzuk egiten joan gara Boulevardeko Twitterra hobetzeko. Hiru norabidetan: edukiak iragarri, zuzenean eman eta zabaldu.

Estreinekoa: konstantzia. Zure txio gehienek ez dute piperrik balioko difusio neurrietan, baina eguneroko lan errutina horrek eramaten zaitu noiz behinkako arrakastetara. Erabaki txar asko hartu gabe onak etengabe hartzen asmatzea aztien kontua da. Gainean izan behar da norbait.

Bigarrena: nori ari zaren jakitea. Demagun elkarrizketa bat iragarri nahi duzula. Ez duzu idatzi behar “Igo dugu internetera Pernandori elkarrizketa”. Ez, ez, ez. Zergatik ez? Ez dagoelako bestaldean inor horren zain, inork ez dakielako Pernando elkarrizketatu duzuela. Hitz egin hartzaileari. Zuk, CM horrek, amaitu duzu zure ataza. Zorionak, bejondeizula. Baina hori ez zaio inori inporta. “Pernandok hau eta hau esan du, eta beste horri buruz kristorena bota du. Entzun behar duzu”. Hobeto. Detektatu garrantzitsua eta deigarriaren artean mugitzen den esaldi hori eta zukutu.

Hirugarren gauza bat: begietatik sartu. Publizitatean sartuko naiz orain kazetariok ezagutzen ez dugun horretan infiltratzeko dugun patxadarekin. Mila estimuluren artean zure txioa nabarmendu behar duzu. Ez aspertu inor. Ez bonbardatu txio zatarrekin. Bota ahalik eta gutxien baina balekoak. Erantsizkiozu irudiak, emotikonoak, estekak, traolak… astuna izan gabe. Ez gehiegi ez gutxiegi. Aurkitu oreka. Ukitu bat eman, spam izatera iritsi gabe. Sortu txantilloi bat, eta gero apurtu.

Lau: ikus-entzunezko diseinu apur bat. Inguruko irratiei begira, itxura profesionala ematen hasi gara txioekin batera doazen irudiei. Idatzitako txioetatik ikus-entzunezkoetara jauzi egin. Funtsean irudi-audioz osatutako korteen formula erabilita. Egiten nahikoa erraza eta azkarra da eta emaitza ikusgarriak eman ditzake sareetan. Baina, batez ere, itxura profesionalarekin marka indartuko duzu. Adibide bat:

Utzi erantzuna